Italiako Benetti ontziolak Alconzarengan jarri du konfiantza luxuzko megayate berriarekin

lulea-vilja Alconza

Euskal enpresak bi propultsio-motorrekin hornitu du ontzia eta itsasoko probak egin ditu

Yateak 107 metro dauzka eta Italian orain arte egin izan den handiena da. Era guztietako luxuak biltzen ditu, hala nola igerileku handi bat kanpoaldeko kubiertan, spa bainu turkiarrarekin edo heliportua. Italiako gaur egungo ontziola pribatu bakarra Benetti da eta munduan oso gutxi daude 80 metroko luzera baino gehiagoko yateak egiteko ahalmenarekin. Horregatik, hain zuzen ere, armadore italiarrak alor honetako profesional onenak lortu nahi izan zituen eta Alconzarengana jo zuen, bere ospe eta izen onak bultzaturik. Alconzak bi motor egiteko agindua jaso zuen, propultsio-lerroari zuzenean konektatuak biak, erreduzitzaileak erabili behar izan gabe. Ontziak 3.800 tona dauzka baina 18,5 korapiloko abiadura har dezake propultsio sistemari esker, zalantzarik gabe marka izugarria delarik mota honetako ontzi batentzat.

Halako proiektuek estandar zorrotzenak bete beharra daukate. Hori hala izanda, Alconzak eskainitako propultsio-motorrek ere espero daitezkeen ezaugarri guzti-guztiak betetzen dituzte, adibidez zarata gutxi sortzea bai airean bai egituran.

Alconzaren profesionalak, motorren diseinuaz eta fabrikazioaz arduratzeaz gain, edozein mantentze-lani ekiteko aditurik onenak ere badira aldi berean. Horregatik Livornoko –Benettik bertan dauzka instalazioak- kostaldean itsasoko probak egiteaz arduratu dira. Motorren funtzionamendu-datu guztiak jaso dituzte, baita gehienezko kargan ere. Horrez gain, motorrekin lotutako monitorizazio-sistema guztien azken ahokadurak burutu dituzte.

Lan hau funtsezko urratsa da edozein ontziren doikuntzak egiteko, ezen bezeroei propultsio-sistemaren gaineko erabateko bermea eskaintzen baitie, ontziaren funtzionamendurako esparrurik garrantzitsuena izanda.

Edozelan ere, Benettik jakin badakin Alconzak motorrei buruzko edozein eskaerari erantzuna emango diola, ahalik eta bizkorren eta modurik eraginkorrenean eta profesional adituen eskutik betiere. Alconzak berriz ere armadore baten konfiantza eta asetasuna eskuratu du, oraingo honetan gaur egungo luxuzko yaterik ikaragarrienetako batean parte hartzeko. Kalitatezko halako produktu eta zerbitzuak eskaini ahala aurrerantzean esker on eta prestigioa handitzen jarraituko du.

Alconzak, Customer Serviceren bitartez, bere sorgailu eta motor guztietarako konponbide integral eta malgua eskaintzen dio bezeroari, hala itsasoaren esparruan nola alor hidroelektrikoan edo industrialean. Bere produktuen bizitza osoan euskarri teknikoa, mantentze-lana eta formazioa bermatuko du Alconzak.

Alconzaren Customer Service bezeroen premietara moldatzen den zerbitzu dinamikoa da, ontziaren geldialdiak ahal den neurririk txikienean gerta daitezen sortua, prebentziorako mantentze-lanetan nahiz zerbait zuzentzeko edo konpontzeko lanetan. Esperientzia handiko tekniko aditu zenbaitek osatzen dute eta zerbitzuaren helburua bezeroaren asetasunean eta produktuaren eta zerbitzuen hobekuntza jarraituan datza, diagnosirako ekipo berrienen laguntzarekin eta nazioarteko estaldura eta offshore estaldura eskainita.

Alconzaren Customer Serviceren mantentze-programa espezifikoek bermea 60 hilabetera arte luzatzeko aukera ematen dute, produktua ematen den egunetik aurrera.