Kode Etikoa

 

 

Kode etiko honek Alconzak hartutako konpromisoa jasotzen du, hau da, konpainiaren harreman guztietan, bere langileekin, bezeroekin, hornitzaileekin, akziodunekin eta, oro har, gizartearekin, jokabide arduratsua eta indarrean dagoen legeria erabat errespetatzea bermatuko duten balioen arabera jarduteko konpromisoa.


Gure balioetan oinarritutako jokabide-printzipioak:


 

Lidergo etikoa eta arduratsua


Aurreko balioa oinarritzat hartuta, etorkizun jasangarri baterako konpromisoa hartzen dugu, Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendan eta haren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan (GJH) eta gure jardueraren garapenean oinarrituta. Beste aldetik, ingurumena errespetatuko dugula hitzematen dugu, eta helburu hori gauza dadin gure jardueretako bakoitzak sortzen dituen ingurumen-eraginak identifikatzeko politika bat abian jarriko dugu, ingurumenean sortutako eraginak txikitzeko asmoz eta produktuen bizitza-zikloa aintzat hartuta.

Era berean, gure langileen segurtasuna, osotasuna eta osasuna babesteko konpromisoa hartzen dugu, laneko segurtasun eta osasun politika baten bidez, laneko arriskuen arauketa, prestakuntza eta prebentziozko kudeaketa betez. Hornitzaileek laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan eta ingurumena babestearen arloan aplika daitekeen lege-araudi guztia zorrotz bete dezatela eskatzen dugu.

Bezero berriak lortzeko edo hornitzaileak kontratatzeko orduan Alconzako profesionalok ez dugu oparirik ez eskudirurik -ezta antzekorik ere- onartzen.


Talde konprometitua


Alconzan lan egiten dugunok enpresak eskainitako zerbitzuek gure bezeroak asetuko dituztela hitzematen dugu, enpresaren jardueraren oinarrizko helburuetako bat da eta; izan ere, jakin badakigu bezeroekiko harremanen arrakasta zertan datzan: eskainitako zerbitzuak era egokian ematean, alegia. Horretarako, hitzemandako kalitate mailak lortzearren, Alconzak jarduera garatzeko beharrezkoak diren bitarteko guztiak bere langileen eskura jartzen ditu.

Gure taldeak giza faktorearen etengabeko garapen integrala eta gizarteak eskatzen dituen zerbitzu-eskaerei arreta ematea baloratzen, babesten eta zaintzen du, eta giza baliabideen politikak irizpide berdinekin aplikatzen ditu profesional guztientzat, arraza, kredoa, kolorea, jatorria, adina, sexua, sexu-orientazioa, egoera zibila edo desgaitasuna edozein izanik ere.

Konpromisoa hartzen dugu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta horri buruz aldarrikatutako nazioarteko akordioetan aitortutako giza eskubideak eta askatasun publikoak errespetatzeko. Gure jarduera profesional guztiak arreta eta berme osoz garatu beharko ditugu, eta, bereziki, adingabeen lana baztertzeko konpromisoa hartzen dugu, alor honetan herrialde bakoitzeko lan-legeria zorrotz betez.


Talde-lana


Alconzako profesionalok konpromisoa hartzen dugu modu koordinatuan lan egiteko, denon onurari lehentasuna emanda beti, bikaintasuna etengabe bilatzeko gure onena eskainita.

Talde gisa, interes-taldeekiko tratuan gizalegezko balioak sustatzen ditugu, denon onura, tratu berdina eta diskriminaziorik gabekoa lortzeko erabakiak hartuta.

Genero Berdintasunerako Plan baten lanketa eta ezarpena bereziki azpimarratzen dugu, erabateko berdintasuna eskainiko duen lan giroa bermatuko baitu.

Edozein jazarpen eta agintekeria ukatzen dugu, baita larderia, irain edo areriotasun egoerak sor ditzakeen beste edozein jokabide ere.

Malgutasuna


Alconzako profesionalok etengabeko bilakaeran dagoen mundu aldakor batean jarduten dugu. Hau hala izanda, malguak gara aurrea hartzeko eta aldaketa horietara eraginkortasunez egokitzeko.

Gure pertsonen etengabeko prestakuntzari balioa ematen diogu. Erabat jabetzen gara etengabeko garapen profesional eta pertsonalaren bidez baino ez garela erreferente gure sektorean.

Gure barne-harremanetan ere malgutasuna da nagusi eta gai gara gure jarrerak eta jokabideak aldatzeko, era horretan erakundeko kide guztien ulermena eta bizikidetza hobetzen badira.

Berrikuntza


Berrikuntzak aldean dakar erakundearen egitura guztietan estrategia jasangarria bultzatzea, epe luzerako balioa sor dadin, eta une oro aztertzea ea gauzak egiteko ohiko moduak eta egungo metodoak oraindik egokienak, beharrezkoenak eta eraginkorrenak diren. Horretarako, etengabe sustatuko da pertsonen, prozesuen eta bitarteko teknologikoen kudeaketan aldaketak sartzea, beharrezko baliabideak era eta neurri egokian lor daitezen eta modu horretan gure erakundea erabilgarria, eraginkorra eta modernoa izan dadin, kudeaketa garden eta arduratsua erabilita.

Berango, 2020ko otsaila

 

Josu Rodríguez Andrés

Alconza Berango SLko zuzendari nagusia